XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mugimendu sozialak eta beren zilborra.

Autonomoen kritikak gizarte-mugimenduetan ezartzen zuen esperantza handiena.

Feministak, ekologistak, pazifistak garai batean, ikasleak, antirrazismoa gero; herri-asanbladak, langileen autoeraketa, minoria nazional eta kulturalak beren gain hartzeko nahikundea.......

Esparru nahasia eta, une berean, zabala.

Askoren ustez, burokratismoaren kontra eta modu konbibialez eratu nahi ziren mugimendu horien indar elkartuak ekarriko zuen iraultza.

Egun ez gara hain optimista.

Mugimenduek irauten dute, baina ez dute gizarte osoa bereganatzeko eta aldatzeko indarrik erakusten; bakoitza bere txokoa eratuz doala dirudi, eta lehen aipatutako berdeen esperientziarekin parekatu beharko genituzke.

Hitz batez, errepliege bat.

Eta honek badu bere zergatia.

Mugimendu horien indarra eta ahulezia, beren originaltasunean datza; esan nahi bait da, taldearen barneko komunikazioa eta koherentzia indartuz, kanporako komunikazioa ahultzen dela denbora berean.

Kategoria sozial baten berezitasunen gainean eraikitzen den mugimendua ezin daiteke (Anteo berpiztua), besteengana jotzeko, indar ematen dion lurretik bereiz.

Edukin aurrerakoia duten mugimenduek kontra egiten diote gizartea berdindu nahi duen teknofaxismoari, baina ez dira gauza sistema osoari alternatiba eskaintzeko.

Oro har, asko mugatu da iraultzarako berpiztu zuten esperantza, erresistentziaren mailara pasa delarik.

Banan-banan aipatuko ditugu esanahitsuenak, estrategia iraultzailearekin dituzten harremanak agerian ezarriz (ahal den heinean, bederen).

Ekologia politikoa.

Gaur, ingurugiroan dabil, batez ere; 1977an ehun mila pertsona bildu ziren, Malville-n, gizartea aldatzeko borondatearekin.

Momentu batez, alternatiba osoa eskatzeko gauza zen.

Etengabeko hedapen ekonomikoa mantentzeko politika salatzen zuen, politika honek, naturari erasoz, giza harreman zapaltzaileak sortzen dituelako; espeziearen heriotza luzaroko ekarriz, autoritarismoa eta boterea mantentzen ditu orain.